Ohar metodologikoa

GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEA

7,2

Zer da indize bat?

Indize bat fenomeno berdinaren inguruko adierazleen arteko erlazio estatistikoa erakusten duen zenbakizko balio bat da. Zenbakizko balio hori da, hain zuzen ere, aztertu eta neurtu nahi dugun fenomenoari buruzko ikuspegi orokor bat ematen diguna.

Nola eraikitzen da indize bat?

Indize bat eraikitzerako orduan, haren ezaugarriak definituko dituzten hainbat erabaki hartu behar dira, indizea garatzeko modu ezberdin asko baitaude eskuragarri dauden datu edo baliabideen arabera.

Honela, hainbat prozedura ezberdin erabil daitezke indize bat eraikitzeko. GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEAREN kasuan, hainbat iturritatik jasotako datuen kudeaketa estatistikoan oinarrituta sortzen da indizea; alde batetik, kanpoko eta espezializatutako iturrietara jotzen da (Eusko Jaurlaritza, Eustat edo Gipuzkoako Foru Aldundia, besteak beste), eta bestetik, galdetegi bat burutzen da lehen aipatutako iturrien bidez lortu ezin diren datuak eskuratzeko.

Zer metodologia erabiltzen da?

Edozein indize garatzeko aukeratutako metodologia aldez aurretik zehaztutako helburuen eta eskuratutako datuen tipologiaren araberakoa da beti. GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEAREN kasuan, helburua indizearen emaitza argi eta garbi adieraztea izan da, komunitateak, orokorrean, erraz uler ditzan lortutako puntuazioa zein horretara heltzeko burutu den prozesua.

Kanpoko iturrietatik lortutako datuak erabiltzeak, zenbaitetan, informazioa mugatzen du aztertutako aldagai batzuetarako (adibidez, urteko batez bestekoa besterik ez dagoenean eskuragarri), eta beraz, zaildu egiten da aldagaien ezagutza handiagoa eskatzen duten metodologia konplexuagoak erabiltzea. Hori guztiagatik, GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEAK agregazio lineal bidezko metodo bat erabiltzen du. Bertan, aldagai objektiboak Min-Max metodoaren bidez normalizatzen dira (Europako maximo eta minimoez baliatuz), eta aldagai subjektiboak (ehunekoak) [0-1] tartera bireskalatzen dira; amaitzeko, batezbesteko aritmetikoa erabiltzen da azken puntuazioa lortzeko.

Honela, emaitza [0-1] eskalako balio absolutu bat da, azkenean [0-10] tartera bireskalatzen dena interpretazioa hobetzeko helburuz; laburbilduz, puntuazio bakar baten bidez Gipuzkoak Europarekiko metrika objektiboetan izan duen jarduna islatzen da, tokiko galdetegien bitartez jasotako pertzepzioekin konbinatzen dena amaierako emaitza lortzeko.

Zergatik normalizatu aldagaiak?

Aldagai guztien agregazio lineala burutzeko, beharrezkoa da guztiak eskala berean egotea. Horregatik, aldagai objektiboentzako, honelako kasuetan gehien erabiltzen den tekniketako bat aukeratu da, Min-Max () normalizazioa, haren bidez [0-1] tarteko zenbakizko balio bat lortuaz. GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEAN, aldagaiak normalizatzeko erabilitako maximo zein minimoak Europako gainerako herrialdeetatik lortu dira, kanpoko datu-iturriak erabiliz (batez ere Eurostatetik jasotakoak), herrialde bakoitzak kasu bakoitzerako duen balioa eskuratuz. Gainera, muturreko balioak edo outlierrak saihesteko, aukera-tartea murriztu da 5. eta 95. pertzentilak beheko (minimoa) eta goiko (maximoa) muga gisa definituz, hurrenez hurren.

Era berean, aldagai objektiboa ehunekotan neurtuta dagoenean, normalizazio-metodo bera aukeratzea erabaki da; izan ere, neurketa [0-100] eskalan egiten den arren, aldagaiaren balio errealak tarte estuago batean egoten dira, eta ondorioz, Europako maximo eta minimoekin normalizatzeak datuen ikuspegi zehatzago bat ematen du. Aldagai subjektiboen kasuan, aztertutako fenomenoaren inguruko iritzi edo pertzepzio pertsonalez ari garenez, erantzunak edozein balio har dezake tarte horren barruan, eta beraz, haren eskala guztiz funtzionala da doikuntza gehigarririk behar izan gabe. Normalizatzeak kategorien jatorrizko interpretazioa aldatuko luke eta ez luke hobekuntza analitikorik ekarriko, haien aldakortasuna jada mugatuta eta estandarizatuta baitago sortzen direnetik.

Zer pisu esleitzen zaio aldagai bakoitzari?

Kasu honetan, indizea osatzen duten aldagaiei emandako pisuak (haztapena) berdinak dira, eta beraz, haietako bakoitzari garrantzi bera ematen zaio. Izan ere, aldagaiek duten eraginean inolako lehentasun subjektiborik ez ezartzea bilatu da, ongizatearen alderdi garrantzitsuena zein den zehaztea oso eztabaidagarria baita, desadostasun handiak sor ditzakeelarik. Pisuak berdintzeak ulergarria egiten du indizea, hori izanik proiektuko helburu nagusietako bat.

Zergatik erabili batezbesteko aritmetikoa agregazio-metodo gisa?

Orain arte azaldutakoaren bidetik, batezbesteko aritmetikoa erabiltzearen hautua haren ulermen errazean eta gardentasunean oinarritzen da, eta gainera, aldagai guztiak berdin tratatzeko aukera ematen du, haietako bakoitzak ongizate-maila osoari modu simetrikoan eta proportzionalean eragiten diola bermatuz; era berean, nazioarteko indize gehienetan erabiltzen den agregazio-metodoa da, UNDPren Giza Garapenaren Indizearen (GGI) [Development Index: Methodology and Measurement] edo ELGAren Better Life Index-aren [How's Life? Measuring Well-Being] kasuetan ikus daitekeen bezala.

Nola interpretatu behar da GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEA?

  • Puntuazioak 0tik 10erako tartean adierazten dira.
  • Dimentsio baten puntuazioa barnean dituen aldagaien batez bestekoa da.
  • Eskualde osoko puntuazioa aldagai guztien batez bestekoa da

Erabilera orokorra

  • Indize batek ebidentziak eta iritziak balio estatistiko bihurtzeko aukera ematen du.
  • Balore estatistikoak tarte ezberdinetan aurkez daitezke (0-10, 0-100, 0-1000) emaitzak errazago interpretatzea ahalbidetuz.
  • Indize batek neurketaren jarraitutasuna eta erregulartasuna bultzatzen ditu, joerak, indarguneak, ahuleziak eta abar adierazten dituzten serieak eskuratuz.
  • Indize batek eremu jakin bateko egoera ebaluatzeko aukera ematen du.

Murrizketa orokorra

Alderagarritasuna: GIPUZKOAKO ONGIZATE INTEGRALAREN INDIZEAK ELGAren Handbook on Constructing Composite Indicators gidaliburuan emandako gomendioak jarraitzen ditu, nazioarteko beste erakunde batzuen aholkuekin batera. Hala ere, neurketetarako finkatutako lurralde-eskalan, adierazleen eskuragarritasun zein aukeraketan eta erabilitako metodologian dauden desberdintasunen ondorioz, ezin da aurrez argitaratutako beste indize batzuekin zuzenean alderatu.